Turismo Zarautzwww.turismozarautz.com
Gure gomendioa

ZARAUZKO ITZULIA

Zarauzko itzulia

Abiapuntua: Zarauzko parrokia.

Errepidean, abiatu Azpeitia aldera. Eskuinaldean, hartu zaharren egoitzako burdin hesiaren ondotik gora egiten duen bide asfaltatua. Metro gutxi batzuen ondoren, asfaltoa utzi eta sartu aldapa handiarekin Allene eta Garro baserrien ondotik igarotzen den harbidean. Harbidea amaitzean, jarraitu tartetxo batean errepidetik.

Jiratu ezkerraldera eta igo Zingireta baserriraino. Jarraitu eskuinaldetik igotzen. Txalet eraiki berri bat igaro ondoren, jarraitu gailur-bidetik doan ibilbideari Garate gaineko errepidera heldu arte. Han ezkerraldetik jaitsi Meagako bidegurutzeraino.

Errepidea zeharkatu eta jarraitu Elkano auzo aldera. Elkano gainera heldu aurretik, hartu bide zabal bat eskuinerantz.

Santa Kruz ermitaren ondoan, hartu eskuinaldera hego-mendebaldera doan bidea.

Bidegurutze batera heltzean, egin aurrera Indamendi gailurrera igotzen den erdiko bidetik; gailur horretan dago Aia, Aizarnazabal eta Zestoa herrien arteko muga, eta bertan daude gurutze handi bat eta erpin geodesikoa ere.

Bidezidorrak aurrera jarraitzen du, alanbre-hesi baten ondotik; eskuinaldean bide zabal bat utzi, borda baten ingurutik igaro eta Aierdi Muxu mendi-leporaino jaisten da.

Igo zuzen (hego-ekialdera) langa bat zeharkatu arte, aldatu norabidea eta jarraitu alanbre-hesiaren paretik itzulingurua osatu arte. Jarraitu zuzen gailur-bidetik eta zenbait alanbre-hesi gainditu ondoren, inguru hartan ugari baitira, Illarratxoko burdinazko gurutzeraino heltzen da (Txatxarromendi).

Gailurretik ipar-ekialderantz jaisten da. Langa bat zeharkatu eta, bide zabal batetik, Zarauztik igotzen den errepidearen bidegurutzera heltzen da. Errepide horretan sartu eta jaitsi eskuinaldetik Urdanetaraino.

Ekin berriro martxari, hilerria eskuinaldean utziz, Pagadi Berri baserrira igotzen den pistatik. Jarraitu zuzen.

Aldapa igaro ondoren, ordeka batean bidegurutze bat dago. Jo aurrera eskuinaldetik. Sarobe Berri baserrira heltzean amaitzen da pista.

Bidea baserriaren ezkerraldetik doa. Langa bat gainditu eta zeharkatu belardia beste langa  batera heldu arte. Ezkerraldean, haritz amerikarren baso txiki bat dago, eta eskuinaldean, muino txiki baten gainean, Sarobe Berri tumulua.

Metro gutxiren buruan, bidegurutze batera heltzen da. Hartu ezkerreko bidezidorra, koniferoen ondotik mendi-hegalean gora igo eta alanbre-hesi bat zeharkatzen duena. Jarraitu bidezidorrari, bi alanbre-hesiren artean Lizarraundiko mendi-leporaino jaitsi arte.

Behean, sakanean, Nebera baserriaren hondakinak daude eta haien inguruan bi elur zulo.

Jarraitu aurrera, alanbre-hesiaren ondotik igoz. Bertako orografiara egokituz, bidezidorrak larre artean egiten du gora mendi-hegalean zehar.

Jo aurrera ezkerraldetik, alanbre-hesiaren eta Urrustume IV tumuluaren ondotik. Jarraitu gero, pago bakarti batzuk igaro ondoren, aldapan gora Pagoetako goialdeko belardietara doan eta gurutzearen azpian amaitzen den bideari.

Gailurretik hego-ekialderantz jaitsi behar da, gurutze-bideko gurutzeen ondoko bidezidorretik. Pista zabal batean pagadi eta pinudi sarrien artean ibili eta gero, basoa amaitzean pista utzi behar da belardira irteteko. Jarraitu beherantz, Arretako tumulua igaro ondoren Aia herriraino eramaten duen bidetik.

Errepidera helduta, lehenbizi ezkerraldera jiratu behar da eta gero, berriz, eskuinaldera. Pilotalekura iritsi aurretik, hartu ezkerraldera jaisten den pista, Gorostiola baserriraino doana.

Jarraitu beherantz, belardi baten eta pinudi baten ondotik. Erreka zeharkatu eta jarraitu bideari garai bateko Agorregiko burdinolaraino.

Erreka ertzetik joanda, zeharkatu berriro erreka zubi txiki bat igaroz eta jarraitu ezkerraldeko bideari, eskuinaldetik errekan behera doan pista zabala utziz. Bideak gora egiten du etengabe landaretza artean eta mendi, herri eta baserrien izenak adierazten dituen burdinazko begiratoki bat ere badu, Iturraran baserrira hurbildu arte.

Pistatik irtetean, jiratu ezkerraldera eta jarraitu hesi garai baten ertzetik doan bide zabal batera heldu arte.

Errepidetik eskuinaldera jaitsi eta Laurgain jolastokia igaro behar da.

Landerbide Azpikoa baserrian errepidea utzi eta ezkerraldera hartu behar da, Hirsuta baserrira igotzen den pistan sartzeko.

Egin aurrera ezkerraldetik, Aitza, Bidegurutzeta eta Frantzesetxea baserrien ondotik igaro eta autopista gaineko zubia zeharkatuz Zarautzen amaitzen den zementuzko bideari jarraituz.

Erantsitako fitxategiak:

Inprimatu  Inprimatu Bidali posta elektroniko bidez  Bidali posta elektroniko bidez

 

Erabalitzaileen nabigazioaren analisia egiteko gure cookie-ak eta bitartekoenak erabiltzen ditugu. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilpena onartzen duzula hausnartzen dugu.
Hemen konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago lortu dezakezu.

  • Euskadi Basque Country
  • Destinos Euskadi