Turismo Zarautzwww.turismozarautz.com
Gure gomendioa

TALAIMENDI

Talaimendi

Hirigune zaharretik Iñurritza auzora hurbiltzeko, Kale Nagusitik abiatu behar da, Luzea dorretxearen ondotik igaro eta Gipuzkoa kalean zehar, Iñurritza auzoko San Pelaio ermitaraino helduz.

Abiapuntua: Iñurritza auzoa.

Gasolindegiaren parean, errepide nagusia zeharkatu eta, Donostiarako bidean, gainditu Zubiondo baserria. Metro gutxiren buruan, hartu ezkerraldeko baratze arteko bidezidorra, Agerre Behekoa, Agerre Erdikoa eta Agerre Goikoa baserrien aurretik igarotzen dena. Igo gorantz, ezkerraldean pinu-ilara bat duzuela, errepide asfaltatura heldu arte.

Jarraitu ezkerraldetik gorantz, Talaimendi txakolindegira heldu arte.

Bidegurutzea. Bi aukera daude:

  1. Eskuinaldeko bidetik, Berazadi Berri baserriaren aurretik igaroz, 200 bat metrora dagoen Ibaietako San Martin ermitara heltzen da.
  2. Ezkerraldeko bidea, kanpinaren parekoa, Talaimendi tontorrera igotzen da, eta handik ikuspegi ederrak ikusten dira. Bide belartsu batetik jaitsiz, mineralak garraiatzeko kai zaharraren hondakinetara eta Malla Harrira heltzen da.

Garai batean, talaiariek Talaimendiko muino biribiletik –hango talaiako zimendu lauso batzuk bakarrik gelditzen dira– banderatxo batzuen bidez adierazten omen zieten arrantzaleei zer norabide hartzen zuten arrain-sardek.

Lehengo bidegurutzean, ekin berriro bideari, hasierako ibilbidearen arabera, erdiko pistatik behera jaitsiz. Oribar Bazter baserriaren ondotik igaroz, Torretxo hondartzara heltzen da, eta handik Orioko barrako ezkerraldeko kai-muturreraino luza daiteke ibilaldia.

Zarautza bide beretik itzul daiteke.

Era berean, Orioraino ere joan daiteke, Mendibeltz mendiaren hegaletik doan eta, autopistaren azpitik igarota, San Paulo ermitaren ondoan errepide nagusiarekin bat egiten duen pistatik.

Erantsitako fitxategiak:

Inprimatu  Inprimatu Bidali posta elektroniko bidez  Bidali posta elektroniko bidez

 

Erabalitzaileen nabigazioaren analisia egiteko gure cookie-ak eta bitartekoenak erabiltzen ditugu. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilpena onartzen duzula hausnartzen dugu.
Hemen konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago lortu dezakezu.

  • Euskadi Basque Country
  • Destinos Euskadi