Turismo Zarautzwww.turismozarautz.com
Gure gomendioa

PAGOETA

Pagoeta

Abiapuntua: Zarauzko Azken Portu auzoa

Abiatu hasiera batean Urtetara nahiz Urdanetara doan errepidetik. Autopistaren azpitik igaro eta berehala, hartu ezkerraldera. Eskuinaldean, La Salle ikastetxera eta Urdanetara doazen errepideak gelditzen dira.

Benta auzora heltzean, igo eskuinaldetik abiatu eta Santuru, Argoin Txiki eta Borda baserrien ondotik igarotzen den asfaltozko bidetik, udal zabortegira heldu arte. Jarraitu, gero, zabortegiaren eskuinaldean Gorritxoaga baserriko beheko hegalera hurbiltzen den pistatik. Pista utzi eta jo eskuinaldera aldapa handiko bidezidor ia zuzen batetik, Gorritxoaga baserriko ur-depositura iritsi arte.

Jarraitu aurrera eskuinaldean markaturik dagoen eta poliki-poliki gora egiten duen bidetik. Ezkerraldean Paskualsoro baserria dago eta behean, eskuinaldean, Aranburu errekako sakana.

Lehenago utzi dugun Urdanetarako pistara irtengo gara berriro. Jarraitu pista horretatik eskuinaldera.

Otzarreta baserria. Pista utzi eta hartu ezkerraldera langa gainditzeko. Zeharkatu pinudi txiki bat, Sarobe Berri baserri inguruan amaitu eta han-hemenka tartekaturik duela urte gutxira arte ingurunean nagusi ziren pagoak dituena.

Beste bi 'langa' gainditu eta zeharkatu belardia, beste' langa' batera heldu arte. Ezkerraldean, haritz gorri edo amerikarren baso txiki bat dago, ertzetan pagoak dituena, eta eskuinaldean, muino txiki baten gainean, Sarobe Berri tumulua, inguruan haginak dituela.

Hartu ezkerraldeko bidea, pinu gorri (pinus sylvestris) eta Douglas izei (pseudotsuga menziesii) bakan batzuen ondotik mendi-hegalean gora doana.

Alanbre-hesi bat zeharkatu eta eskuinaldean, sakanaren barrenean, Nebera baserriaren hondakinak daude, eta handik gertu, berriz, bi elur-zulo. Aurrerago, jaitsi bi alanbre-hesi dituen Lizarraundiko mendi-leporaino.

Jarraitu aurrera, alanbre-hesiaren ondotik igoz. Bertako orografiara egokituz, bidezidorra mendi-hegalean zehar larre artean igo eta Urrustume IV tumuluaren ondotik igarotzen da.

Jo aurrera ezkerraldetik, alanbre-hesiaren ondotik. Jarraitu gero, pago bakarti batzuk igaro ondoren, aldapan gora Pagoetako goialdeko belardietara doan eta gurutzearen azpian amaitzen den bideari.

Itzulerarako, hartu gurutzetik Uruzume aterpeko borda ederreraino jaisten den bidea. Bordatik irten ondoren, jarraitu metro batzuk aurrera alanbre-hesia gainditzeko.

Beherako bidezidorra alanbre-hesiaren ondotik doa, bide zabal batera heldu arte. Han eskuinaldera jiratu eta, jarraian, ezkerraldera, beste alanbre-hesi bat igarotzeko; belardia zeharkatu eta, bigarren alanbre-hesia gainditu ondoren, iturrira heltzen da.

Jarraitu metro batzuk eskuinaldera eta atera pista berri batera. Pista horretan ere, jo eskuinaldera. Aurrerago, alanbre-hesia zeharkatu eta, aurrealdean hasieran laua den bidezidorra duzuela, Urrustume I, II eta III tumuluetatik igaro eta jaitsi Lizarraundiko mendi-leporaino.

Alanbre-hesi bikoitza zeharkatu ondoren, hartu berriro Sarobe Berri baserriraino igotzeko bidea.

Jarraitu pista zabaletik aurrera, Zarauztik datorren bidea eskuinaldean utziz.

Bidegurutzean, sartu jaitsiera pikoa duen ezkerraldeko pistatik, Pagadi baserritik igaro eta Urdanetara heldu arte.

Urdanetatik Zarautza 6 kilometroko errepidea dago eta tarte horretan Indagarate Berri, Indagarate Zahar, Izeta eta Abendaño baserrien ondotik igarotzen da, bidegurutzera heltzeko. Egin aurrera ezkerraldetik eta jarraitu autopistaren azpitik Azken Portu auzora arte.

Erantsitako fitxategiak:

Inprimatu  Inprimatu Bidali posta elektroniko bidez  Bidali posta elektroniko bidez

 

Erabalitzaileen nabigazioaren analisia egiteko gure cookie-ak eta bitartekoenak erabiltzen ditugu. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilpena onartzen duzula hausnartzen dugu.
Hemen konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago lortu dezakezu.

  • Euskadi Basque Country
  • Destinos Euskadi