Turismo Zarautzwww.turismozarautz.com
Gure gomendioa

ERDI AROKO AZOKA 2018

ERDI AROKO AZOKA ZARAUTZEN IZANGO DA ABENDUKO ZUBIAN

Abenduaren 8an, larunbata, ‘Lume de Biqueira’ gaita bandak bi ikuskizun eskainiko ditu Lege Zaharren enparantzan

Urtero bezala, abenduaren hasierarekin batera Erdi Aroko azoka iritsiko da Zarautzera. Xacobeo MMXXI-k antolatutako eta Zarauzko Udalak babestutako merkatu berezi honek Alde Zaharreko kaleak girotu eta alaituko ditu abenduaren 5etik abenduaren 9a arte. Zehazki, azoka datorren asteazkenean, abenduak 5, 17:00etan zabalduko da eta bere ordutegia 10:30etik 23:30era izango da, igandean ezik, 17:00etan amaituko delarik ikuskizun handi batekin.

Ixidor Larrañaga (EAJ-PNV) Turismo zinegotziak azoka honen aldeko apustua egiten jarraitzeko asmoa dutela azpimarratu du: “Azokak xarma handia du eta jende asko erakartzen du Zarautzera urtero. Askotariko produktuak eta ekitaldiak eskaintzen ditu adin guztietarako eta, datozen jai egunetan, jendea kalera ateratzeko aitzakia bikaina dela uste dugu. Aurten, gainera, gaita banda bat etorriko da azokara: Lume de Biqueira. Banda honek nazioarteko hainbat jaialdietan hartu du parte, besteak beste, Txinakoan. Zarautzen, abenduaren 8an, larunbata, izango dira eta hainbat ikuskizun eskainiko dituzte: 10:30ean azokako aurkezpen desfile ofiziala zabalduko dute eta, 13:30ean eta 19:30ean, kontzertua eskainiko dute Lege Zaharren enparantzan. Era berean, 17:00etan kalejiran ibiliko dira herriko kaleetan. Ikuskizun ederra izango da!”.

Hala, bost egunez askotariko ekitaldiak izango dira Alde Zaharrean eta inguruko kale eta plazetan: Torre Luzeako parkea, Musika plaza, Kale Nagusia, Lege Zaharren enparantza, Foruen kalea, Erriberazahar kalea, Amatxilili plaza, Frontoi Txikia eta Iturribide kalea. Kokapen hauetan zehar artisau produktuen postuak izango dira eta, hauen artean, Zarauzko dendari eta artisauen postuak ere izango dira.

Salmenta postuez gain, kaleak girotuko dituzten hainbat ekitaldi izango dira, adin guztietarako: kalejirak, tailerrak eta erakusketak, musika animazioa, magia eta malabar ikuskizunak, ipuin kontalariak, kontzertu eta emanaldiak, antzezlanak... Era berean, duela bi urte haurrentzat gune bat zabaltzeko apustua egin zen eta, aurten, bi guneetan banatuko da: Torre Luzeako parkean eta Frontoi Txikian. Bietan etxeko txikientzat jolas, ikuskizun eta atrakzio bereziak izango dira.

 

 

Erantsitako fitxategiak:

Inprimatu  Inprimatu Bidali posta elektroniko bidez  Bidali posta elektroniko bidez

Erabalitzaileen nabigazioaren analisia egiteko gure cookie-ak eta bitartekoenak erabiltzen ditugu. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilpena onartzen duzula hausnartzen dugu.
Hemen konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago lortu dezakezu.

  • Euskadi Basque Country
  • Destinos Euskadi