Turismo Zarautzwww.turismozarautz.com
Gure gomendioa

BALE TALAIAK: GETARIA - ZARAUTZ

TALAIAK ETA BALEAK

 

Itsasertzeko hiribilduen fundazio ofiziala baino lehenagotik egiten zen balearen arrantza Euskal Herrian. Hiribilduetako ezkutuek, kasu gehienetan, zetazeo horrekiko lotura erakusten dute: Getaria, Biarritz, Hendaia, Hondarribia, Zarautz, Mutriku, Lekeitio eta Bermeo.

Balea oso preziatua zen itsasertzeko komunitateentzat. Haren haragi elikagarria jaten zuten, eta gantzetik ateratako arrain-olioa, berriz, argiztapenerako, jantziak inpermeabilizatzeko edo xaboiak egiteko erabiltzen zuten. Balearen hezurrak, kartilagoak eta bizarrak ere aprobetxatzen ziren.

Euskal kostaldean, euskal balea edo Eubalaena glacialis arrantzatzen zen. Uda Norvegiako eta Islandiako uretan igarotzen zuen, eta urritik otsailera Bizkaiko Golkoko ur epelagoetara jaisten zen. XVI-XVII. mendeen eta XVIII. mendearen hasiera bitartean, ohikoa zen euskal arrantzaleek Galizia, Ternua eta Artikora zihoazen espedizioetan parte hartzea.

1901eko maiatzaren 14an harrapatu zen azken balea euskal kostaldean.